Asko dira, nire osteopatia eta fisioterapia kontsultara datozen pazienteen artean, zalantza berdina agertzen dutenak. Ez dakite zein den bi lanbideen arteko ezberdintasuna. Alegia, ez dakite noiz artatu behar dituen fisioterapeuta batek edo zeintzuk diren osteopata batek lantzen dituen patologiak. Horregatik garrantzitsua da bi diziplinen arteko ezberdintasunak ezagutzea ezezik, artatzen gaituen profesionalak beharrezkoak diren jakintza eta gaitasunak dituela ziurtatzea.
Beraz, has gaitezen gai bakoitza zer den azaltzen.
FISIOTERAPIA ETA OSTEOPATIAREN DEFINIZIOAK
Fisioterapia eskuekin eta mugimenduaren bitartez lesioak, disfuntzioak eta arazo fisikoak artatzen dituen osasun diziplina da. Ura, beroa, hotza, korronte elektrikoak bezalako bitarteko fisiko naturalak ere erabil ditzakeena. Fisioterapiak lokomozio-aparatua (giharrak eta hezurdura) ardats duen arren, beste esparru batzuk ere jorratzen ditu: erraien arazoak, arnasketa-fisioterapia, neurologia…
Laburbilduz, fisioterapiak osasuna mugimenduaren bitartez lortzea du xede, gaitasun hau berreskuratuz, malgutasuna, osotasuna eta eraginkortasuna hobetuz.
Osteopatiak ez dio orain arte aipatutakoari uko egiten, baina osasuna eta izakiaren ikuspegi zabalagoa du. Pertsona kontsultara datorrenean, berdin dio zioa, osotasunean aztertzen dugu, bere gaitz edo arazoaren muinera heldu asmoz. Eta artatzerakoan bere sistema guztietan eragin nahi dugu: lokomozio-aparatua, erraiak, nerbio-sistema, zirkulazio-sistema, hormonak eta bere egoera emozional eta sozialean. Helburua konponbide oso eta iraunkor bat lortzea da, osasuna bere osotasunean berreskuratu.
Horregatik, osteopatiaren sailkapenen gainetik (egituraren osteopatia, erraiena, pediatrikoa, kraneo-sakrala…) diagnostiko on eta zehatza lortzea da garrantzitsuena, pertsona eta bere egoera osotasunean aztertuz.Hau lortuta, tratamendua erraza da, teknika ezberdinak zuhurtziaz eta terapeutaren trebezia eta gustuen arabera aplikatu besterik ez.
ONDORIOAK
Laburbilduz, fisioterapiak arazo fisiko eta disfuntzioak eskuekin eta mugimenduaren bitartez artatzen ditu. Osteopatiak aldiz, pazientea osotasunean aztertzen du, sistema guztietan eragin eta pertsonaren osasun orokorra berreskuratu asmoz.
Baina ezberdintasunak ezberdintasun, pertsona bat artatzerakoan oinarrizkoak dira gaitasuna eta zuhurtzia. Izendapen eta terapia mota ezberdinekin nahasmendua nagusi den honetan, aipamen pare bat, segurtasuna helburu.Fisioterapian, karrera horretan diplomatuak garenok soilik jardun gaitezke. Eta erakunde publikoetatik at (Osakidetza, Aldundiak, Hezkuntza…), dagokigun Fisioterapeuten Elkagokoak izan behar dugu derrigorrez, bakoitza bere zenbakiarekin, erantzunkizun zibileko asegurua dugula bermatzeko.
Osteopatia, haien unibertsitate ikasketak gai horrekin osatu dituzten osasun arloko profesionalek soilik praktikatu beharko lukete (fisioterapeuta eta sendagileak). Hauek ere, berezkoa duten elkargokoak izango dira, zenbaki, aseguru eta berme guztiekin.
Beraz, profesional batengana jo aurretik, hausnartu zer behar eta nahi duzuen nork artatuko zaituen erabaki aurretik. Ondo informatu eta ziurtatu aukeratutako profesionalak gaitasun eta berme guztiak dituela.