Badira 25 urte fisioterapian ari naizela. Pixka bat gutxiago osteopatian. Urte hauetan guztietan erakunde (Osakidetza, Arabako Ongizatea, Insalud, Hezkuntza saila…) zein kontsulta pribatuetan lan egin dut. Esperientzia anitzeko urteak: porrotak, pozak, erronkak, iruzurren bat… Pertsona ororen bizitzan bezala. Urte oso baliagarriak zer nahi dugun ikasteko (eta garrantzitsua ere , zer ez dugun nahi). Nork bere burua ezagutzeko (gaitasunak eta hobetu beharreko esparruak) eta “osasuna” eta pertsonak kontsulta batera hurbiltzean bilatzen dutenari buruzko irizpidea izateko. Honek guztiak bideratu nau Gasteizen osteopata gisa jardun nahi izatera.
Badira urteak irakasle frantziar batek esan zidala: “monotonia zuretzat jasangaitza da”. Egia borobila! Zorionez lanbide hau jakintza, teknika eta lan egiteko moduei dagokionez amaigabea da. Bukaezina. Beraz ikasten eta garatzen jarraitzeko pribilegioa dugu, aldaketa prozesu etengabean.
Eta bilakaera izan eta aldatzeko, funtsezkoa da askatasuna. Horregatik orain, erakunde eta beste batzuentzat lan egiteak dituen mugak gainditu nahi izan ditut. Jaso eta ikasitako guztia bildu (eskerrik asko guztioi!) eta nire proiektua sortu, nire osteopatia kontsulta Gasteizen. Ziurtasun eta erosotasunari uko egin “monotonia” gainditzeko, lana nik ulertzen eta sentitzen dudan eran egiten.
NIRE FILOSOFIA LANEAN
“Izaki guztiak ezberdinak eta bakarrak gara”. Guztiok ontzat ematen dugun esaldia. Pertsona guztiek ezberdin erantzuten dute baldintzak berdinak badira ere. Sintoma ezberdinak ditugu lesio berdina izan arren, orno berdina blokeatuta, nerbio berdina zanpatua. Gure buru eta izaerek egiten gaituzte paregabe. Buru edo burmuinak kontrolatzen du gorputz guztia. Baina osasun arazo bat agertzen denean ahaztu eta baztertzen dugu. Artatzeko unean pertsona eta guztia doitzen duen bere burua ahazten ditugu, dena berdindu eta urtzen gaixotasun eta patologietan. Gaixotasunak eta ez pertsonak artatzeko joera dugu, indarra sintometan jarriz eta ez zergatietan.
Fisioterapia, osteopatia, RPG, osteopatia pediatrikoa, arnasketa teknikak, EPI, kraneo-sakral, Indiba, kirol osteopatia… Asko dira artatzeko teknikak. Gehienak erabilgarri eta eraginkorrak. Baina garrantzitsuena pertsona artatzea da, bizi izan dituen egoerak eta nola bizi izan dituen aintzat hartuta. Hau da, arazoaren ziora ahalik eta gehien hurbiltzea, erantzun egoki eta iraunkor bat lortzeko, teknika ezberdinak koherentziaz erabiltzen.
Ez dago teknika edo ezagupenik sobera. Guztia da erabilgarri logika eta sen onarekin baliatuz gero. Ederra da askotan bide/tratamendu oso ezberdinek helburu berdinera eramaten gaituztela ikustea.
Gorputzak sendatzeko gaitasuna du. Galtzen duenean, osasun egoerara itzultzeko tresnak ditu. Gaitasun hau gainditu edo blokeatzen denean etortzen dira pertsonak kontsultara. Une horretan guk teknika edo tratamendu ezberdinak erabiliko ditugu, blokeoa gainditu eta gorputzak bere sendatze prozesua jarrai dezan ahalbidetuz.
Hau egiterakoan pertsona horren izaera, egoera eta ingurua aintzat hartzen ditugu gure helburua lortzeko erabiliz (ohiturak, elikadura, jarduerak, egoera emozionala…). Garrantzitsua, gureak ez diren esparruetan sartu barik.
“Yo soy yo y mis circunstancias”
Pertsona da garrantzitsua, pertsonak izan behar du xedea. Beste guztia eztabaidagarri eta aldakorra izan daiteke.